EDIT 2019 Bilbon

Amaitu da jada Bilbon antolatu dugun EDIT topaketa, 2019koa, eta bizi izandako egunak laburbiltzeko unea iritsi da. Eta “Bidean kirolak elkartzen gaitu”ela egiaztatu dugu egunotan.

Martxoaren 21eko goizean goizetik, Erakunde Teresiarraren Espainiako eta Irlandako 18 ikastetxeetako 500 ikasle eta irakasle inguru iristen hasi ziren. Ama eta irakasle batzuek harrera egin genien hainbat hoteletan. Egun berean, 15:30etik aurrera, gure ikastetxeko irakale, ikasle eta guraso batzuk La Casilla kiroldegira joan ziren, topaketari hasiera emateko ekitaldia prestatzen bukatzeko.  Eta 17:30erako, parte-hartzaileak eta gonbidatuak iristen hasi zirenerako, dena prest zegoen, baita gure maskota Karolina ere, egunotan gurekin izan dena. Ilusio handiz prestatu genuen inaugurazioa: ikastetxeak hartu genituen, gure hiriaren argazkiak erakutsi genizkien, euskal dantzez, bereziki Aurreskuaz, gozatu zuten eta Mario Iceta gotzainaren, Alfonso Gilen  eta Oihane Agirregoitiaren (Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Kirol zinegotziak, hurrenez hurren) eta Ikasbide ikastetxeko zuzendari  Begoña Suarezen mintzaldi labur eta mamitsuak entzun zituzten. Bukatzeko, parte-hartzaile guztien desfilea egon zen, kirol-elkarraldi on batek merezi duen bezala.

Biharamunean –ostirala–, Kirol Eguna izan zen. Goizean, talde-kirolak egin ziren. Eta taldean ere lan egin zuten DBHko 4. mailako irakasleek eta ikasleek,  talde-kirolak bikain antolatu baitzituzten. Arratsaldean,  herri-kirol batzuk ikusteko eta egiteko aukera izan zuten. Zeren eta, EDIT, kirol-topaketa ez ezik, kultur trukerako aukera ere bada. Izan ere, 23an –larunbata–, Kultura Eguna ospatu genuen eta, irakasle, ikasle ohi eta gurasoen eskutik, ikasle eta irakasle parte-hartzaileek ibilbide gidatua egin zuten Zazpi Kaleetan eta Guggenheim Bilbao Museoan zehar. Ondoren, Artxanda mendira igo ziren, San Mames Barria eta Azkuna Zentroa bisitatu zituzten, Bilbotik Abraraino joan ziren Itsasadarretik, itsasontzi batean, eta Bizkaia  Zubian alde batetik bestera igaro ziren. Eguerdian, atsedenalditxoa egin zuten ikastetxean, bazkaldu eta ikastetxea barrutik ezagutu zuten.  

Eta azken eguna, 24a, igandea, iritsi zen. Karmengo elizan eukaristia egin ondoren, atletismo-probetan parte hartu zuten eta, bazkaldu eta gero, Bilbao Arena-ra joan ziren, amaiera-ekitaldiaz gozatzera. Guraso, ikasle ohi, ikasle eta irakasleek elkarrekin dena prestatu zuten. Julene eta Imanol aurkezle  bikainen eskutik, Haur Hezkuntzako ikasleen eta abesbatzaren emanaldiak ikusi genituen, ikastetxeen Idazkaritzako zuzendari Raquel Osornoren, Mikel Torre ikasle ohi eta Bilbao Basket-eko harrobiaren entrenatzailearen  eta Begoña Suarezen mezuak  entzun genituen. Eta ekitaldiari amaiera emateko, parte-hartzaileen desfilea ikusi genuen eta lekukoa Leongo Santa Teresa ikastetxeari eman genion, EDIT 2020 antola dezan.

Amaiera gisa, afari bat izan genuen eta diskotekan primeran ibili ginen. Eta horrela bukatu zen Bilboko EDIT topaketa. Zein azkar igaro diren egunak!

Esan beharra dago Ikasbideko hezkuntza-elkartearen inplikazioarik gabe ezinezkoa izango zatekeela topaketa antolatzea. Izan ere, hunkigarria izan da ikustea guztiak buru-belarri aritu direla, proiektu hau aurrera atera dadin. Horregatik, kronika hau eskerrak emanez bukatu nahi dugu: 

ESKERRIK ASKO, GURASOOI!

ESKERRIK ASKO, GAURKO IKASLEOI, HAUR HEZKUNTZATIK DBH-KO 4. MAILARA ARTEKO IKASLEOI!

ESKERRIK ASKO, IKASLE OHIOI!!

ESKERRIK ASKO, IKASTETXEKO LANGILEOI!!!!

"Todos hemos de cooperar... aquí cada cual tiene su sitio, su deber, su responsabilidad..."

Pedro Poveda

Ikasbide Boletina

Idatzi zure posta elektronikoaren helbidea, gure berriak zure e-postan zuzenean jaso ditzazun: