Harrera plana
Matrikulazio aldia
Ikasbide ikastetxean dihardugunon ustez, oso garrantzitsua da gure ikasleen familiak hartzeko modua eta, hori dela eta, berariazko harrera-plana prestatu dugu.
Matrikulazio-aldia hasi aurretik hasten da plan hori. Abenduan abiarazten da, familiak gure ikastetxea ezagutzeko interesa agertzen dutenean, hain zuzen.
Hori dela eta, abenduaren erdialdetik, familia interesdunei elkarrizketa pertsonala izateko aukera ematen diegu, Ikasbide ikastetxearen bereizgarrien berri emateko, hala nola,
• Gure nolakotasunak.
• Hezkuntza-eskaintza.
• Etapen metodologia.
• 2 eta 3 urtekoen ikasgelak, eta kontuan hartu beharreko hainbat alderdi.
• Zerbitzu osagarriak: goizeko ikasgela, jantokia, Gurasoen Elkartea …
• Ordutegiak eta kuotak.
• Matrikulazio-aldian eman beharreko urratsak.
Argibide horiek ez ezik, gure ikastetxea irakastorduetan bisitatzeko aukera ere ematen diegu, martxan ikus dezaten, “ateak zabaltzeko egunen” urteko plangintzaren barruan.
Ikasturtearen hasieran eskolatzen diren ikasle berriak hartzeko plana
2 eta 3 urteko ikasleak hartzeko plana
Ikasturte hasieran, irailaren lehenengo asteetan, ikastetxera moldatzeko aldia izango da. Ikasleak pixkanaka moldatuko dira ordutegira:
• Hasieran, egun batzuez, ordu eta erdiko txandak egingo dira, eta taldea bi taldetan banatuko da.
• Ondoren, goiz osoaz, talde osoa egongo da.
• Gero, jantoki zerbitzua gehituko zaie (eskatu dutenei).
• Eta, bukatzeko, ikastaldi osoan egongo dira.
Hauxe da helburua, hortaz: umeek erreferentziako nagusiekin lotura segurua sor dezatela, pixkanaka, eta haiek lagun egin diezaieten, konfiantzaz eta segurtasun txeratsuz beteriko tokian egoki koskor daitezen. Astia behar da horretarako, eta nork bere prozesua egingo du.
Ekainean bilera bat antolatuko da, prozesu horren gaineko jarraibideak eta moldatzeko aldiaren egunak eta orduak adierazteko.
Haur Hezkuntzako 2. mailatik aurrera ikasturte hasieran eskolatzen diren ikasle berriak hartzeko plana
- Ikasturte hasieran, berriz elkartzeko unea, aproposa da ikaskide berriak ezagutzeko eta, horiek partaidetza eta integrazioa bultzatzearren, ikasgelaren dinamikaz edo jolasez baliatzeko.
- Prozesu horren lagungarri, ikaskide edo ikasle batzuk izendatzen dira, berriei ikastetxeko instalazioak erakusteko edo joan-etorrietan laguntzeko (txikiak badira).
- Familiari eta ikasleari –hezkuntza-etaparen arabera– ikastetxearen gaineko oinarrizko informazioa emango zaie: ordutegia, ikasmateriala, Urteko Plana, irtetea baimentzeko orria, argazkien gaineko baimena, zerbitzu osagarria, Gurasoen Elkartea edo ikastetxearekin Plataformaren bitartez harremanetan jartzeko modua, besteak beste.
- Haur Hezkuntzari dagokionez, egokitzeko aldiaren ordutegia ere jakinaraziko da.
- Lehen Hezkuntzan eta DBHn, ikasturtea hasi aurretik, familiei deitzen zaie ikaslea ezagutzeko, ikastetxeari buruzko argibideak emateko eta zalantzak argitzeko.
Ikasturtea hasi ondoren eskolatzen diren ikasle berriak hartzeko plana
- Dagokion etapako zuzendariak hasierako elkarrizketa bat izango du familiarekin, ikastetxeko oinarrizko alderdiak aurkezteko: ideiak, ordutegia, arauak, zerbitzu osagarrien (goizeko ikasgela, jantokia, Gurasoen Elkartea, kuotak …) gaineko informazioa. Urteko plana ere emango zaie, ikasturteko oinarrizko informazioak emateko.
- Ikastetxeko instalazioak erakutsiko zaizkie ikasleei eta gurasoei (posible bada): ikasgelak, gimnasioa, liburutegia, jantokia eta ikasgelen eta espazioen antolaketa.
- Familiarekin adostuko da ikaslea ikasgelan sartzeko unerik eta modurik egokiena (Haur Hezkuntzako ikasleak badira, pixkanaka egin behar bada ere).
- Beste autonomia-elkarte batzuetako edo atzerritik etorritako ikasleak badira (Lehen Hezkuntza eta DBH), maila-proba egingo die (matematika- eta hizkuntza-gaitasuna) etapako zuzendariak. Emaitzak aztertu ondoren eta ikasketa-espedientea ikusi eta gero, ikastetxeko orientatzailearekin batera baloratuko da ikaslea zein mailatan eskolatuko den.
Ondoren, familiari jakinaraziko zaio, eta horrek onartu ondoren, dagokien hezkuntza-instantziei.
Lehen Hezkuntzako 4. mailatik aurrera eskolatzen diren ikasleei, euskaratik salbuestea eskatuko da, eta ikastetxeko hizkuntza-errefortzuaren zerrendan sartuko dira.
Etapako zuzendariak, ikaslea hobeto ezagutzeko eta ikastetxean harrera ona izateko garrantzitsutzat jotzen duen informazioa jakinaraziko die irakasleei.
- Arlo bakoitzeko irakasleak, aldez aurretik ebaluatu ondoren, ikaslearentzat egokiak diren ikasmaterialak proposatuko ditu eta irakasleek, orientatzailearekin batera, horien hizkuntza-egokitasuna baloratuko dute. Erabakiak hartu ondoren, tutoreak liburu eta ikasmaterialaren zerrenda emango dio familiari.
- Tutorea, ikaslea eskolatzean, familiarekin egongo da harremanetan, ikaslea nola moldatzen ari den jakin dezan.